XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ardanzaren konfidantza mozioa beharrezkotzat jo du Mayor Orejak

DONOSTIA

Gregorio Ordoñez, Gipuzkoako PPko lehendakariaren iritziz, EAJren estrategia politikoa izan da, sortu berri den Gasteizko gobernuaren eraketa orain arte eragotzi duena.

Zentzu honetan, Ordoñez bat etorri zen atzo Jaime Mayor Oreja alderdikidearekin, horrek hiritarrentzako urtebeteko galera ekarri ziela azpimarratzean.

Hala ere, urtebeteko galera hori, lau urtez luzatzeko esperantza zuela gaineratu zuen Ordoñezek.

EAJ eta PSOE gobernuan bildu dituen koalizio berriaren muina berriz, interes politikoen batuketa soila besterik ez da Gipuzkoako PPko lehendakariarentzat.

EAJ-PSOE paktua, Madrileko gobernuan PSOEri itzuli beharko dion mesedearen truke, EAJk Eusko Jaurlaritzan eskuratu duen berme politikoa da, esan zuen Ordoñezek hitzez hitz.

EAEko mapa politikoa zein den garbi utzi du aurreko gobernuaren apurketak eta berriaren sorrerak.

Horrela, eta Ordoñezen esanetan, Ezker abertzalean, HB eta EA gelditu dira, orain helburuak batuta, lortzeko moduetan soilik bereizten bait dira.

Gero EAJ eta PSOE, boterea elkarbanatzeko aukera duten artean, batera jarraituko dutenak, eta azkenik gu, oraindik eguneroko lanari loturik asko haziko garenak, azaldu zuen.